...
Aisialdi segurua familia zaurgarrietako adingabeentzat

Koronabirusak eragindako konfinamenduaren eta deskonfinamenduko neurri murriztaileen ondorioz, martxotik ekainera bitartean hilabete gogorrak bizi izan zituzten familia zaurgarrietako adingabeek Ventilla auzoan (Madril). Itxialdiak eragindako krisi sozialak haietako batzuen egoera ekonomikoa larritu zuen. Uda, beroa ez ezik, hutsune gisa planteatzen zen adingabe horientzat, oso zaila baitzuten oporretan hiritik ateratzea.

Testuinguru horretan, auzoko haur eta gazteentzako hiri-udaleku bat antolatzea erabaki zuten Nuestra Señora de las Victorias artziprestazgoko bi parrokiak, San Ignaciok (Lagundiak zuzendua) eta Nuestra Señora del Espinok, Jesusen Lagundiak “Elkarrekin zerbitzatu – 2020ko uda” lelopean 22 hiritan antolatutako eskaintzaren barruan.

Uztailean, 30 adingabek eta 10 nerabek aisialdi seguruaz gozatu ahal izan zuten, tarte batez pandemia ahazturik. Uztailean lau astez egin ziren udalekuok, 32 begirale boluntariori esker eta probintziako #JarraitzenDugu kanpainaren bitartez bildutako diruarekin finantzatuta.

María Lainek, udalekuko boluntarioen koordinatzaileak Nuestra Señora del Espino parrokiaren egoitzan, hau azaldu zigun: “haurrei izugarri gustatu zitzaien etxetik kanpo egon ahal izatea, lagunekin eta jolasean. Nekatuta eta aspertuta zeuden konfinamenduaren ondoren, eta udalekuak askapen bat bezala izan ziren, aire freskoa bezala. Oso ongi etorri zitzaien jolasteko denbora hori”. Iritzi berekoa da Candela Contreras, boluntario gazteenetako bat 16 urterekin: “udalekua aukera ona izan da haurrentzat, denbora luzean etxean itxita egon ondoren dibertitu eta beste haur batzuekin jolastu ahal izan direlako”. Begirale horri batez ere poza eman zion bere zerbitzuak; María Lainek zerbitzua eta konpromisoa nabarmendu ditu horrez gain: “haurrekin egoteak berritu egiten zaitu, zu ere haur bat bazina bezala jolasten zara berriro. Zerbitzua eta konpromisoa ere baliotsuak iruditzen zaizkit. Batez ere, helburu on bat lortzeko kalitateko denbora ematea elkarrekin, eta opari horrek ematen duen poza”.

Prebentzio-neurri guztiak betez (desinfektatzeko gela, maskarak, tenperatura hartzea), adingabeek betiko jolasez gozatu ahal izan zuten (poliziak eta lapurrak, zapia, bonba, baloia preso, sokasaltoa). Halaber, ginkanak, dantzatzeko eta kamisetak margotzeko tailerrak, zineforumak eta aire zabaleko txangoak egin zituzten.

Jesusen Lagundiaren obrek COVID-19aren krisiaren ondorioak gehien sufritzen dituzten pertsona eta talde zaurgarriei osoko erantzuna emateko egiten dituzten proiektu zehatzak finantzatzen dira #JarraitzenDugu kanpainaren bitartez.