
Nazaret, Alacanten, gizarte-bazterketako arriskuan dauden haur, gazte eta familiak artatzen dituen gizarte-ekintza bat da. Horretarako, zenbait programa ditu martxan: Bizitza-zentroa; babespeko sei pisu; Emantzipazioa, tutoretzapean bizi ziren eta orain adin nagusitasunera heldu diren gazteentzat; Lehen eta Bigarren Hezkuntzako CAES eskola bat (Hezkuntza Ekintza Bereziko Zentroa); Familientzako laguntza; eta laneratzeko «Al carrer» programa.
Badirudi urruti geratu dela martxoa, pandemia «ofizialki» adierazi eta konfinamendua ezarri zen hila. Ziurgabetasun handia ekarri zuen, eta Nazareten ez zen desberdina izan. Osasun-protokoloekin egoera berrira egokitu behar izan genuen. Konfinamenduak bere erritmoak ezarri zituen Nazareten artatzen ditugun haur, gazte eta familien egunerokoan.
Tutoretzapeko eta emantzipazioko pisuetan, errutinak eta bizitza aldarazi zituen. Pisutik atera ezinik, itxialdian bizitza antolatu eta edukiz bete behar izan genuen. Batez ere, hezitzaileen irudimenari eta sormenari heldu genien. Bestalde, eskolako eta eguneko zentroko neska-mutilek etxeetan itxita geratu behar izan zuten, gehienetan, jendez gainezka eta bizigarritasun-baldintza desegokietan. Komunikazioa etengabekoa izan zen, familia horietan arrakala digital handia dagoela ikusi genuelako. Ikastetxean, familiei eta haurrei laguntza eta aholkuak emateko sare bat sortu zuten irakasleek.
Artatzen ditugun familiak egoera oso prekarioetan bizi dira berez: egunetik egunera, biziraupeneko ekonomia batean. Gehienak erregulatu gabeko lan marjinaletan aritzen dira: adibidez, metalak, paperak eta abar biltzen. Laster kolpe handia eta gauza oinarrizkoenen falta sumatu zuten: elikagaiak, sendagaiak, uraren eta argiaren ordainagiriak, eta konta ezin ahala premia…
Espero izatekoa den bezala, asteak aurrera egin ahala, gora egin zuten laguntza-eskaerek. Ondorioz, familia horiei laguntzeko baliabideak bilatzen hasi ginen. Hasteko, 27 familiari laguntzen genien, eta ekainean 92 familiara iritsi zen zifra. Guztien artean, 170 haur dituzte.
Beste elkarte eta fundazio batzuen ekarpenekin batera, JARRAITZEN DUGU kanpainak eman dizkigun laguntzei esker, eskuarki zaintzen ditugun familien larrialdi-egoera arindu ahal izan dugu.