...
Hezkuntza jasotzeko aukerari bultzada emateko nazioarteko proiektuak

#JarraitzenDugu kanpainak COVID-19aren pandemiaren ondoriozko krisiari aurre egiteko abian dituen 22 proiektuen artean, badira Alboan-ek eta Entreculturas-ek beren lanean babestutako nazioarteko hiru ekimen, hezkuntza jasotzeko aukera sustatu nahi dutenak, garapena eta bakea lortzeko tresna gisa. Hiru proiektu horiek Afrikan (Txad eta Burundi) eta Latinoamerikan ari dira egiten, gure erakunde senide jesuitekin elkarlanean.

Txadeko proiektua Fe y Alegría erakunde senidearekin elkarlanean eramaten da aurrera, eta COVID-19ak biztanle zaurgarrienen gain izan dezakeen eragina prebenitzea eta arintzea du helburu. Erantzuna hautemandako premietan oinarritzen da, jarduera-eremua eta herrialdeak hartutako neurriak zein diren kontuan harturik, eta hiru lan-ildo nagusi zehaztu dira: hezkuntza larrialdiko testuinguruetan, lehen premiako laguntza (elikagaiak eta edateko ura lortu ahal izatea) eta gaixotasunari buruzko prebentzioa eta sentsibilizazioa. Aurrez ikusitako jardueren artean, landa-komunitateetan sentsibilizatzeko hitzaldiak egin eta proiektua gauzatuko den eremuko eskoletan kit higienikoak eta elikagaiak banatuko dira.

Burundin, JRS (Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita) erakunde senidearekin elkarlanean antolatuko da pandemia globalak eragindako krisiari emango zaion erantzuna. Proiektuaren bidez, errefuxiatuen eremuetan higiene-produktuak errazago eskuratu ahal izatea lortu nahi da, xaboia ekoizteko negozio txikiak martxan jarriz. Gutxi gorabehera 50 gazte (25 gizon eta 25 emakume) bilduko ditu lanbide-gaikuntzako proiektu honek, guztiak ere Kinama eta Musasako eremuetan errefuxiatutako kongotarrak. Ekimenaren bitartez, kooperatiba bat ezarri nahi da errefuxiatu-eremu bakoitzean, han bizi direnen autonomia eta bizibideak sustatzeko. 

Aurten, Fe y Alegríaren Nazioarteko Federazioak Erantzun Humanitarioko Plan berri bat jarri du martxan COVID-19aren krisiari aurre egiteko. #JarraitzenDugu kanpainaren babesa Alboan eta Entreculturas elkarteen bidez gauzatuko da, proiektuan esku hartzen duten Latinoamerikako eta Afrikako 21 herrialdetan. Lau dira esku hartzeko ildo nagusiak: larrialdiko laguntza; prebentzioa eta sentsibilizazioa; hezkuntza larrialdian; eta lehengoratze goiztiarra (bizibideak, enplegagarritasuna eta ekintzailetza). Guztira, herrialde horietan 860.000 pertsona baino gehiagorengana iritsiko da proiektua.

Alboan eta Entreculturas garapenerako nazioarteko lankidetzako bi erakunde jesuita dira, hezkuntza lortzeko aukera handitzeko lan egiten dutenak; izan ere, hezkuntza funtsezkoa da gizartea eraldatzeko, eta gizarteko berdintasunik eza sortzen duten bidegabekeriak salatuko dituzten herritar globalak prestatzeko.