...
#JarraitzenDugu: krisi erdian bizitza sustatzen duten proiektuak

2020. urtean bideari ekin dio #JarraitzenDugu kanpainak, COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioak gehien sufritzen dituzten pertsona eta talde zaurgarriei osoko erantzuna emateko. Duela hilabete eskas batzuk jaio zen ekimena, webgunearen bitartez, eta hainbat tokitan hartu du lekua: parrokiak, tenpluak, ikastetxeak, unibertsitateak, obra sozialak, komunitateak eta Jesusen Lagundia dagoen edonon. Jesuitek inor atzean utzi gabe, inor ahaztu nahi gabe, jarduerara itzultzearekin daukaten konpromisoaren adierazgarria eta lekukotza bizia da. 

Hain zuzen, egoera ahulenean dauden biztanleei arreta emateko martxan jarri diren proiektuei laguntzea da #JarraitzenDugu kanpainaren helburua, eta hiru lan-ildo ditu: larrialdiko laguntza (elikadura, osasuna, etxebizitza); hezkuntzaren alorreko, alor psikosozialeko eta laneratzeko laguntza; eta nazioarteko lankidetza baliabide urriago dituzten munduko beste lekuetan. Antonio España jesuitak, Lagundiaren Espainiako probintzialak, azaldu bezala: #JarraitzenDugu kanpainaren bitartez, “sentsibilizatu eta egoera mingarri horiek ikustera eman nahi ditugu, hala, zuen ekarpenei esker, pertsona zaurgarrienei laguntza ematen jarraitzea ahalbidetuko diguten laguntzak eta baliabideak lortzeko”. 

#JarraitzenDugu kanpainan parte hartu duten guztien ahaleginari eta inplikazioari esker, sektore guztietako 22 proiektu finantzatu dira guztira, Espainiako hainbat lurraldetan

Izan ere, azken hilabeteotan, toki hauetan jantoki sozialak sustatu eta oinarrizko elikagaiez hornitu ditugu familiak: Tutera, Katalunia, Madril, Valentzia Villa Javierrekin, La Vinya, Arrels-Sant Ignasi, Carles Blanch, Manresako klaratarrak eta SJM Valencia. Gainera, Almerian eta Ventillan (Madril) parrokiek lanerako laguntza jaso dute Cáritasen bitartez eta biztanle zaurgarrientzako parrokia-udalekuak egiteko.

Halaber, dirulaguntzak bideratu zaizkie Migra Studium, Atalaya eta Nazaret egitasmoei, hospitalitateko komunitatean, ostatuetan eta egoitza-pisuetan egiten duten lanerako, eta SAFA eta Jesuïtes Educació ikastetxeei, berariazko dirulaguntzak jarri baitituzte martxan krisiaren ondorioz premia bereziak dituzten ikasle eta familientzat. Nazioartean, COVIDerako babes espezifikoa landu ahal izan dugu Alboan-ekin eta Entreculturas-ekin.

Hezkuntza-proiektuak: liburuak eta materialak bermatzea

#JarraitzenDugu kanpainak sustatutako lehen proiektuetako bat Bartzelonako Jesuïtes Poble Sec-Sant Pere Claver eskolan gauzatu da. Martxoan alarma-egoera dekretatu zenean, langabezian edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente irekien pean geratu ziren zenbait guraso, eta ikusi genuen familia horiek ezin zituztela ordaindu ikasturterako materialak eta liburuak. Gainera, hurrengo asteetan ikasle batzuek ezin izan zituzten jaso eskolak, ez zutelako sarera konektatzeko gailu elektronikorik: aldian-aldian irakaslearekin egindako telefono-deia zuten konexio bakarra.

Hori horrela, bi proiektu bultzatu dira estatu osoko #JarraitzenDugu kanpainaren bidez: “Ikaslerik ez liburu eta materialik gabe”, familiei kuotak ordaintzen lagundu nahi diena; eta “Guztiok konektatuta”, urrunetik ere online harremanetan jarraitu ahal izan dezaten.

Aisialdi segurua parrokietan familia zaurgarrietako adingabeentzat

Martxoko itxialdiaren ondoriozko krisi sozialak familia batzuen egoera ekonomikoa larritu zuen Ventillako auzoan, Madrilen. Uda, beroa ez ezik, hutsune gisa planteatzen zen adingabe horientzat, oso zaila baitzuten oporretan hiritik ateratzea. Testuinguru horretan, auzoko haur eta gazteentzako hiri-udaleku bat antolatzea erabaki zuten Nuestra Señora de las Victorias artziprestazgoko bi parrokiak, San Ignaciok (Lagundiak zuzendua) eta Nuestra Señora del Espinok, Jesusen Lagundiak “Elkarrekin zerbitzatu – 2020ko uda” lelopean 22 hiritan antolatutako eskaintzaren barruan.

Uztailean, 30 adingabek eta 10 nerabek aisialdi seguruaz gozatu ahal izan zuten, tarte batez pandemia ahazturik. Probintziako #JarraitzenDugu kanpainaren bitartez bildutako diruarekin finantzatu ziren hein batean udalekuak, eta 32 begirale boluntariori esker eraman ziren aurrera, uztailean lau astez, protokolo sanitarioko segurtasun-neurriak guztiak betez eta aisialdi-eskaintza oparoa harturik barnean: betiko jolasak, ginkanak, dantzatzeko eta kamisetak margotzeko tailerrak, zineforumak eta aire zabaleko txangoak. 

Ekimen sozialak: desberdinkeriak murriztea

Sektore Sozialean, askotariko proiektuak babestu ditu #JarraitzenDugu kanpainak: larrialdi sozial handieneko ekintzak, lehen premiako ondasunen hornidura bermatzekoak, eta baita premia txikiagoa izan arren ibilbide luzea eta garrantzi handia daukaten esku-hartze proiektuak ere. Nazioarteko lankidetzaren eremuan, Alboan-ek eta Entreculturas-ek garapenerako sustatutako hiru hezkuntza-proiektu indartu dira #JarraitzenDugu ekintzaren bitartez: Burundin, Txaden, eta Perun. Bestalde, Red Mimbre sareak (haur eta gazteentzat) lan egiten duen auzoetan, familiei eta biztanleei elikagaiak eta lehen premiako ondasunak emateko larrialdiko proiektuak jarri dira martxan; izan ere, oso egoera ahulean geratu dira alarma-egoeraren ondoren. Hala egin zen Hospitalet de Llobregaten (Fundació La Vinya), Badalona (F. Carles Blanch-Centre Sant Jaume) eta Alacanten (Nazaret), besteak beste. Azkenik, SJMko migrazioen arloan, ondasunak banatzeko larrialdiko ekintza sozialekin batera (adibidez, SJM Valentzian), egoitza lortzen laguntzeko proiektuak eraman dira aurrera, Hospitalitate programaren esparruan (Arrels Lleidan, Atalaya Burgosen eta Migra Studium Bartzelonan).

Unibertsitate-ikasleentzako dirulaguntzak

Ubedako SAFA Irakasle Eskola (Jaen) erreferentea izan da andaluziar irakasleen prestakuntzan, 1944an sortu zenetik. Gabezia ekonomiko nabarmeneko ingurune batean dago, eta ikasleek ez dituzte diru-sarrera handiak, familia gehienak olibaren laborantzatik eta zerbitzuen sektoretik bizi direlako. COVID-19aren testuinguruan, lanik gabe edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente baten mende geratu ziren haietako asko, eta hortaz, ikasle batzuentzako dirulaguntza gehigarriak finantzatzeko proiektu bat abiarazi zuen SAFAK, #JarraitzenDugu kanpainaren eta UNIJES sektorearen laguntzaz. Hala, % 50ean edo % 100ean estali ahal izango dituzte ikasketen gastuak. Zentro horrek garapen pertsonalarekin, bikaintasun historikoarekin eta ingurunearekiko erantzukizun sozialarekin daukan konpromiso historikoari esker, COVIDaren krisialdi ekonomikoak jotako ikasle batzuek unibertsitateko ikasketak egiten jarraitu ahal izango dute.