...
Larrialdiari erantzuteko nazioarteko proiektua

#JarraitzenDugu kanpainak lanean darrai, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko krisiari aurre egiteko proiektuak sustatzen. Horien artean daude Alboanek eta Entreculturasek Peruko Condorcanquiko biztanle indigenen elikadura eta egoera sanitarioa bermatzeko egiten dituztenak, oso egoera kalteberan baitaude.

Proiektuak osasun-zerbitzu oso kaskarrak dituen biztanleria txirotu baten beharrak ase nahi ditu. Condorcanqui Amazoniako oihanean dagoen lurralde bat da, eta bertako herritarrak oso barreiatuta bizi dira, hainbat ibairen bazterretan. Pandemiaren ondorioz, konfinatu egin dira herritarrak eta Santa Maria de Nievan, barrutiaren hiriburuan, lan informalak egiteari edo produktuak merkaturatzeari utzi diote. Hortaz, ezin dituzte sortu familien mantenurako beharrezko dituzten diru sarrerak. Gainera, kostako hirietara lanera joandako jende ugari itzuli da komunitatera.

Larrialdi-egoera horri aurre egiteko, eta inguruko instituzio publiko eta pribatuekin koordinatuta, SAIPE erakunde lankideak neurri hauek jarri ditu martxan: elikagaiak, norbera garbitzeko produktuak eta desinfektatzekoak dituzten oinarrizko saskiak banatzea; sendagaiak banatzea; fumigazio-taldeak bidaltzea, jende gehien egon ohi den lekuak desinfektatzeko; norbera babesteko ekipamenduak banatzea, hala nola maskarak eta eskularruak; eta hezkuntza-prozesuetarako laguntza ematea, bai Fe y Alegría ikastetxeetan, bai inguruko beste batzuetan. Adibidez, jatorrizko komunitateetara itzuli behar izan duten Fe y Alegría institutuko ikasleei eguzki-kargagailuak dituzten irrati eramangarriak banatu zaizkie, irrati bidezko prestakuntza jaso ahal izan dezaten. Gainera, herritarrentzako sentsibilizazio, informazio eta orientazio kanpaina bat jarri da abian, hobeto jakin dezaten eremu horretan zer egoeratan dagoen pandemia, zer prebentzio-neurri gomendatzen diren eta zein diren berehala jarduteko prozedurak komunitateetan kutsadura-kasuak agertzen badira. Alderdi horretan, nabarmentzekoa da Jesusen Lagundiaren Radio Kampagkis irratiak egiten duen lana; awajun hizkuntzan ematen ditu saioak, eta pandemia honetan funtsezko lana ari da egiten.

Alboan eta Entreculturas nazioarteko lankidetzako bi erakunde jesuita dira, gizarte- eta ingurumen-justiziari begira herritartasun globala eraikitzeko lan egiten dutenak.