
Ubedan (Jaen), SAFA Irakasle Eskola erreferentea da andaluziar irakasleen prestakuntzan. Rafel Villosladak sortu zuen, 1944an, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren baliabide urri zituen eskualde batean gizarte-aldaketa sustatu nahian. Oraindik ere, eskolak erantzukizun soziala du bereizgarri. Guztioi bezala, hango ikasleei eta langileei ere eragin zien COVID-19ak.
“Ikastetxe txiki bat gara, eta ikuspuntu ekonomikotik ingurune xume batean bizi gara; izan ere, familia asko olibaren laborantzatik eta zerbitzuen sektoretik bizi dira. Hau da, gure ikasleek ez dituzte diru-sarrera handiak, eta ondorioz, askok asteburuetan lan egin behar dute ikasketak ordaindu ahal izateko. Egungo pandemiak egoera hori areagotu du, langabezian edo enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente baten pean utzi baititu familia asko. Horregatik, #JarraitzenDugu kanpainari laguntza eskatu genion, eta horretarako, UNIJESen laguntza ere jaso izan dugu”, azaldu digu Consuelo Burgosek, ikastetxeko zuzendariak.
#JarraitzenDugu kanpainak beka gehigarri batzuk finantzatuko ditu, lau ikasleren ikaskuntza-gastuak % 100ean eta beste batenak % 50ean estaltzeko. Eskuarki, 4 beka oso eta ikaskuntza-gastuen erdiak ordaintzeko 10 beka eskaintzen ditu SAFA Irakasle Eskolak, eta horiei gehituko zaizkie dirulaguntza hauek.
SAFA Jesusen Lagundiko zentro bat da, eta UNIJES sareko kidea. Unibertsitatearen helburuak dira, besteak beste, garapen pertsonala sustatzea, konpromiso sozialetik abiatuta, eta lanbiderako prestatzea, bikaintasun akademikoan oinarrituta; hau da, ikaslearen hezkuntza osoa lortzea, goi-mailako hezkuntza jesuitaren bereizgarri. Jaeneko Unibertsitatearen barruan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduko tituluak irakasten ditu, aipamen hauek barne harturik: teologia katolikoa eta haren pedagogia, atzerriko hizkuntza (ingelesa eta frantsesa), hezkuntza berezia, gorputz-hezkuntza eta IKTak. Gaitasun Akademikoko Eliz Adierazpena lortzeko eta erlijio-eskolak irakatsi ahal izateko ikasketak ere eskaintzen ditu.
Zentroak 7.000 ikasle baino gehiago prestatu ditu orotara, 200 bat irakasleren lanari esker. Egun, 500 ikasle baino gehiago ditu hezkuntza-graduetan, eta beste 80-edo Gaitasun Akademikoko Eliz Adierazpena lortzeko ikasketetan. Jakintza-adar guztietako 25 irakaslek osatzen dute klaustroa.